jongorrono

About jongorrono

Produktu digitalen diseinatzailea

Zer moduz txiolandian?

Twitterreko erabiltzaile maitea,
Zer moduz txiolandian?

Suposatzen dut informatuta bizi nahi duzula, zure inguruan edo munduan gertatzen denaren berri izan eta horretarako jotzen duzula twitterrera. Bai errealitatea da politikari buruzko txio baten ondoren, meme bat ikusten duzula eta ondoren ekonomiari buruzko gogoeta bat, eta noraezean dabilen belaontzi bat dirudite zure neuronek. Informazioz gainezka egiten dizu buruak.

Hori saiesteko Twitterrek funtzionalitate berri bat argitaratu du, Komunitatea izenpean. Honen helburua edukiak taldeetan sailkatzea izango litzateke. Adibidez, Euskal kultura izeneko talde ireki bat egon daiteke eta erabiltzaieak gai horren inguruan jardun. Plaza bakarraren ordez hainbat plaza txiki izango genituzke. Plaza tematikoak ain zuzen.

Komunitateak twitter

Jendearekin hitz egiten dudanean nabari dezaket nekatzen hasiak garela sare sozialetako kontu honekin. Dudak izaten ditugu eman eta jasotzen dugunaren artean oreka bat dagoen.

Gure denbora eta atentzioa ematen dizkioguz Twitterri. Bizitza mugatua den einean, denbora ondasun handia da.
Baina onurak ere baditu toki honek. Txiokatzen dugunean gure ahotsa lau haizetara zabaltzen dugu eta gertakarien berri izan dezakegu momentuan bertan. Informatzeko, ikasteko, erlazionatzeko eta tutxu-mutxuetarako ibiltzeko.

maitasun gorroto twitter

Experimentu txiki bat egin nuen, frogatu nahi nuen Twitterreko komunitate kontzeptu hau onuragarria izan zitekeen gure egunerokotasunarentzat. Edukiak sailkatuta jasotzeko aukera ematen digulako egunkarietan bezala. Egunkarietan kultura irakurri ohi dut baina ez kirola. Horregatik sorkuntza eta euskara biltzen dituen talde bat sortu dut.

Urrengo estekan batu zaitezke: Batu euskara eta kultura komunitatera

Zer iruditzen zaizu ideia?
Zertarako erabiltzen duzu zuk Twitter?
Interesgarria iruditzen komuniatea funtzionalitatea?
Zer beharko zenuke Twiterreko expereintzia aberatzagoa izateko?

Eskerrik asko artikulu hau irakurtzearren
Ondo izan,
Jon.

BloGo Berriak
Jon Gorroñok hilero idatzitako diseinu eta teknologiari buruzko berriak. Diseinuari buruzko hausnarketak, ikuspegi pertsonal batetik. Adimen artifiziala, erabiltzailearen experientzia, sormena, estetika eta beste hainbat gai ezagutuko dituzu, egilearen marrazki originalekin lagunduta.

Enpatia falta daukagu diseinatzaileok?

Edozein diseinatzailek, deitu iezaiozu erabiltzaile esperientzien diseinatzaile, UX/UI edo dena delakoa, bezero edo erabiltzaileak ezagutzen dituela esaten du. Uste du ikerketa-tresna batzuk erabiltzen dituelako, hala nola, User pertsona, Customer journey, inkestak… erabiltzaileari buruz dena dakiela.

Faltan botatzen ditut jendea benetan ezagutzeko prest dauden diseinatzaileak. Kalera ateratzeko prest, lokatzetan murgiltzeko prest daudenak. Uste dute bere aulkitik mugitu gabe, bere Mac ordenagailu eta bizimodu sofistikatuarekin badakitela zer gertatzen den hor kanpoan.

Niretzat aktoreak dira inspirazio-iturri. Aktore handiez ari naiz, eskale bat antzeztu behar dutenean, asteak eman ditzaketenez kalean bizitzen, beste eskale batzuekin elkarbanatuz eta limosna eske.

Erabiltzaileen larruan sartzen dira eta badakite zer behar duten eta zer bizi duten. Muturreko kasua izan liteke, proiektu guztiek ez lukete hain prozesu gogorra bizi behar. Baina gauza bat segurua da, benetan enpatizatu nahi baduzu, erabiltzaile gisa sentitu eta pentsatu beharko duzu.

Antropologoak, herrialde exotiko bateko kultura eta ohiturak ezagutu nahi dituztenean, herrialde horretara joaten dira bizitzera. Urteak eman ditzakete bertako hizkuntza eta ohiturak ikasten. Eta urteak igaro ondoren oraindik gauza asko ezagutzen ez dituztela pentsatzen jarraitu.

Egia da proiektu askok ez dutela ikerketa oso sakonak egiteko baliabiderik. Lean edo ingurune bizkorretan lan egiten baduzu, aste pare batean diseinuak prest izan beharko dituzu, baita garatuak ere.

Hala ere, ondo legoke erabiltzaile-esperientziako diseinatzaileok, UX/UI edo nahi dugun bezala deituta, apaltasun pixka bat izango bagenu aitortzeko erabiltzaileen ikerketa, curriculum vitae batean bikain geratzen den trebetasun bat baino gehiago dela. Mundua ikusteko eta beste pertsona batzuekin enpatizatzeko modu bat da. Eta, nire ustez, enpatia ez da diseinatzaileen trebetasunik agerikoena. Ondo etorriko litzaiguke abilezia hori garatzea.

Mila esker artikulu hau irakurtzeagatik.

BloGo Berriak
Jon Gorroñok hilero idatzitako diseinu eta teknologiari buruzko berriak. Diseinuari buruzko hausnarketak, ikuspegi pertsonal batetik. Adimen artifiziala, erabiltzailearen experientzia, sormena, estetika eta beste hainbat gai ezagutuko dituzu, egilearen marrazki originalekin lagunduta.
By |2022-02-04T04:37:20+01:003 otsaila, 2022|Sin categoría|0 Comments

Sortzailea bazara, agian NFTak ezagutu beharko zenituzke.

neska desastrea

Ziur entzun duzula NFTei buruz, baina ez dakizu zer den.
Adibide bat jarriko dizut. Historiako lehen NFT meme bat izan zen, “Hondamendi txikia” izenekoa. Zoe Roth sortzaileak argazki bat atera zion alabari, sutan zegoen etxe baten aurrean. Eta argazkia birala egin zen, oso birala. Ikusten baduzu, ezagutuko duzu. 500.000 euroan saldu zen.

Baina zer demontre da NFTa?
Definizio ofizial eta ulertgaitza ondokoa da: arte digitaleko lanak dira, eta blockchain teknologiak ziurtatzen du horien egiletza. Suposatzen dut ez duzula ezer ulertu.

Gauza da gaur egun sortzailea bazara litekeena dela zure lana ez izatea zerbait fisikoa, mihise bateko pintura bat bezala. Agian zure lana formatu digitalean sortu duzu, hala nola bideo bat, ilustrazio digital bat, abesti bat edo meme bat. Orain imajinatu zure sorkuntza asko gustatu dela eta biral bihurtu dela. Jende asko hasi da partekatzen eta erabiltzen. Obra hori beste sorkuntza batzuekin gertatu den bezala oso ezaguna egin da, hala nola Cervantesen Mantxako Kixoterekin edo Saint-Exupéryren Printzipioarekin, baina askoz ere modu azkarragoan. Mundu guztira hedatzeko urteak beharko lituzkeen obra aste gutxi batzuetan egin da ezaguna

NFTei esker dirua irabaz dezakezu horregatik. NFT gisa igo dezakezu, eta Blockchain izeneko teknologia erabiltzen duenez, zurea dela ziurta daiteke modu seguruan.

Eta merkatu bat sortzen ari dela honen inguruan. Obra digitalengandik dirua irabazten hari dira sortzaileak. Agian etorkizun hurbilean jada ez duzu koadro bat izan nahi zure egongelan, baina artista baten ilustrazioa erabili nahi duzu zure avatarrean edo sareetako profilean.

NFT

Merkatu bat sortzen hari da eta antzeko zerbait gertatu izan da arte tradizionalaren merkatuarekin. Artearen bildumagilearen rola, obran inbertitzen duena, gero prezio handiagoan birsaltzeko. Picasso bat milioitan kotizatzen da, eta NFTen garaian, Crypto Punk seriea dugu, Larva Labs Estatu Batuetako estudioak sortua. Crypto Punk serieko artelanik merkeena eros daiteke 68 Ethereumen truke, edo haren baliokidea izango litzateken 258.400 euroren truke. Gainera, prezio horrek gora egiten du etengabe.

Cripto Punk

Beti bezala, badago NFTen kontu hau kea baino ez dela dioenik. Baina, sortzaileen ikuspuntutik, haien lan digitala errentagarri bihurtzeko irtenbide bat da. Argi dagoena da sortzaileek formula berriak bilatu behar dituzte bizimodua duintasunez ateratzeko.

Eta zuk, zer deritzozu NFTei buruz?

Bibliografia

Wikipediako sarrera NFT

Wikipediako sarrera Hondamendi txikia memea

Wikipediako sarrera Cripto Punkien historia

By |2021-12-07T23:12:58+01:007 abendua, 2021|Digitalizazioa, NFT, Sorkuntza|0 Comments

Nire detox digitalaren 3 ondorio

Bukatutzat ematen dut sare sozialetatik kanpo emandako oporren denboraldia. Eta onartzen dut kostako zaidala berriro mundu birtualera konektatzea. Zergatik?

Deskonektatuta egotearen onurak

Batez ere denbora eta energia. Denbora niretzat, udaz gozatzeko eta proiektuetan arreta jartzeko, distrakziorik gabe. Nire produktibitatea handitu egin da, lana optimizatu ahal izan dut eta gauza bakoitzari behar duen denbora eskaini diot kontzentrazio handiagoarekin. Eta mugikorraren jakinarazpenik gabe, lanetik hobeto deskonektatu ahal izan dut eta nire bizitzan presenteago egon.

Nola egin dut?

Sare sozialak adikzioa eragiten dute, eta deskonekatuta egotearen “tximua” bizi izan dut.

1- Lehenik eta behin, sare sozialen aplikazioak ezabatu nituen telefono mugikorretik. Astebeteko adaptazioaren ondoren, ez nuen gehiago pentsatu horretan.

2- Gero, bulegoko ordenagailutik sare sozialen orriak blokeatu nituen. Ezin nuen sare sozialetan sartu lanean ari nintzen bitartean.

3- Sare sozialetara konektatzeko modu bakarra tablet-a izan da. Lehen egunetan beti bilatzen nuen une bat egunean zehar konektatzeko, tarte bat besterik ez bazen ere. Baina egunak pasa ahala, konektatzeko beharra txikiagoa izan zen.

Sare sozialak erabilgarriak dira…

Sare sozialek ikusgarritasun handia ematen dute eta marka sortzen laguntzen dute. Hala ere, txanponaren beste aldean eskeini beharreko denbora eta energia inbertsioa dago. Denbora hori kendu egin behar da eguneroko beste jarduera batzuetatik. Ekintzaile edo talde txiki bat, hasierako faseetan behintzat, sare sozialak kudeatzeaz arduratzen da. Enpresa bat izanez gero, marketinari esleitutako baliabideak dira, ordaindu beharreko soldatekin. Gauzak ondo eginez gero, errentagarria izango da, baina nire ustez oso erakunde gutxik aprobetxatzen dute benetan sare sozialen potentziala.

Laburbilduz…

Sare sozialetatik deskonektatuta bizi daiteke. Bizitza zure telefonoaren pantaila bat baino gehiago da. Esan ezetz Scroll infinituari!

Eta zuk, zer pentsatzen duzu?

By |2021-12-03T08:04:16+01:009 iraila, 2021|Sin categoría|0 Comments

Deskonektatu konektatzeko

Nola saihestu teknologiari engantxatuta egotea.

Mugikorrari begira egun guztia? Telefonotik deskonektatu behar duzula sentitzen duzu, baina kosta egiten zaizu? Denoi gertatzen zaigun zerbait da. “Sareen dilema” serieak dioen bezala, Facebook, Twitter, Linkedin eta, oro har, plataforma guztiak diseinatu dira edukiak kontsumitzen ahalik eta denbora gehien eman dezazun. Bere negozioa erabiltzaileei publizitate pertsonalizatua erakustean datza, haien erabilera-datuak erabiliz.

Mugikorrera konektatzen gara lo egin aurreko azken ekintza gisa, eta esnatzean lehenbizikoa. Musika-kontzertu, jatetxe edo hiri berri batera joaten garenean, unea argazkian ateratzen dugu lehenik, munduarekin partekatzeko; izan ere, ia-ia gozatzearen gainetik kontatzea baloratzen dugu.

Diseinuak pertsonen portaerari eragiten dio. Aplikazioek markarekin atxikitzeko sortzen duten jakinarazpen eta alerta sistemak errealitatearekiko lotura apurtzen digu. Errealitate bikoitzean bizi gara, fisikoan eta digitalean. Gertatzen da espazio batean egon gaitezkeela jendearekin eta gure burua ziberespazioan nabigatzen ari dela mugikorrari esker.

Eta zer egin dezakegu guk hori ekiditeko?

Gozokien adibidea jarriko dut; jateari utzi nahi badiozu, hobe da gozokiak etxean ez izatea, kaxoian daudela dakizun unean tentazioan erortzeko probabilitate gehiago daukazu ahulezia uneren batean.

Kasu hori telefono mugikorrari aplikatuta, irtenbide bat izan liteke mugikorra gure eskuetatik urrun ezkutatzea eta irtetean etxean uztea, erabiltzeko tentazioan ez erortzeko. Horrela presente egongo ginateke eta distrakzioak saihestuko genituzke.

Eta paradoxikoa dirudien arren, badaude tresna digitalak mugikorraren erabilera murrizteko eta kontzientziatzeko.

Adibidez, Forest aplikazioak aukera ematen dizu deskonektatuta egon nahi dituzun minutuak hautatzeko eta denbora horretan zuhaitz digital bat landatzeko. Zentzugabea?

Googlek berak ere interesa du. Well Being programa digital bat du, arazo horri heltzen saiatzen dena. Nire android telefono berriak aplikazio bat dakar aurrez instalatuta, mugikorrak zenbat ordu erabiltzen dituzun eta zure denbora zer aplikaziotan inbertitu duzun jakinarazteko. Horren erabileraz (eta abusuaz) jabetu zaitezen.

Eta diseinatzaileen lana erabiltzailearen frikzioa gutxitzen laguntzen dituzten tresna digitalak sortzean egon beharko luke. Badakigu zaila dela, tresna bat errentagarria izan behar delako, baina, hala ere, orekan bilatu beharko litzateke, erabiltzailearentzat eta gizartearentzat onuragarria izan dadin.

Eta zuk, zer pentsatzen duzu?

——————————————————-

Eskerrik asko artikulu hau irakurtzeagatik.

Mezu elektroniko bat jaso nahi duzu artikulu berri bat argitaratzean? Bidal iezadazu email bat jon@jongodesig.com helbidera eta informazioa emango dizut zerbait berria dudanean (eta ez lehenago).

Erreferentziak:

Googleren well being programa https://wellbeing.google

APP Forest: https://www.ipuzapp.cc

Sareen dilema, Netflixen dokumentala, 2020

By |2021-12-03T08:16:46+01:004 maiatza, 2021|Sin categoría|0 Comments